Arkitektura

Barruko arkitektura

Bilboko katedrala euskal arte gotikoko eraikin perfektu eta osatuenetako bat dela esaten da.

Tenpluak hiru nabe ditu, lau zatitan banatuta; girola du kapera nagusiaren atzean, eta gurutzadura lerro-lerro (hau da, ez da ateratzen eraikinaren alboetatik).

Nabe baxuetako zatiak karratuak dira, eta nabe nagusikoak, berriz, laukizuzenak. Salbuespena gurutzadura da; karratua da, eta beso laukizuzenak ditu. Are bereziagoa da girolaren espazioa. Bertan, zati laukizuzenak eta triangeluarrak txandakatzen dira, Frantziako zenbait eraikinetan bezala, nahiz eta oso ohikoa ez izan penintsulako arkitektura gotikoan.

Alboko hormetan, fundazio partikularreko kaperak daude. Kapera horiek XV. mendearen amaieratik edo XVI. mendearen hasieratik aurrera egin ziren elizaren kanpoko kontrahormetan, formula gotikoei jarraikiz, eta hiribilduko familia gorenenak izan ziren.

Aipatzekoa da eliza berritzeko azken lanetan 60 zentimetro inguru jaitsi zela zorua, eta XVIII. mendeko kota berreskuratu.

Altxaerari dagokionez, eliza hiru erregistrotan banatuta dago: arku formeroak, triforioa eta beirateak. Nabe nagusiak 22,50 metroko altuera du, albokoek baino askoz ere handiagoa, gotikoan ohikoa den bezala. Zutabeak sendoak dira, ebakidura biribilekoak, eta kolomatxoak dituzte atxikita. Kolomatxo horiek harroin mailakatuetatik ateratzen dira, nazioarteko gotikoan bezala, eta zerrenda-kapitel lauetara iristen dira. Kapitel horietatik abiatzen dira gangen nerbioak.

Prozedura erraz hori maiz ikusten da Bizkaiko gotikoan, eta beharbada Burgoseko katedrala eraikitzeak Kantauri itsasoko ertz osoan izan zuen eraginagatik hasi zen erabiltzen, Burgoseko katedralean ohikoak baitira era horretako euskarriak.

Beirateek estetika gotikoa dute. Landarez eta elementu geometrikoz apainduta daude, absidekoak izan ezik. Bertan, erdiko beirateak Hirutasun Guztiz Santuaren irudia du, eta, albo banatako bi beirateek, berriz, lau ebanjelarien irudiak. Gurutzadurako beirateetan ere bi xehetasun figuratibo daude: Bilboko ezkutua eta Jesusen Bihotza.

Kanpoko arkitektura

Portada nagusia

Nahiz eta gotikoa nagusi izan, fatxada nagusiak izan ditu aldaketa gehien denboran zehar.

Jatorrizko eraikuntza gotikoa zen, baina ez dakigu ezer hari buruz. Gaur egungoaren aurrekoa Martin Ibañez Zalbideak eraiki zuen, XVII. mendean, 1650 aldera. Eliz atari zabala zuen, arku zorrotzekoa, eta, haren azpian, portada klasizista bat zegoen, Mañariako harrinabarrez egindako koloma doriarrekin. Portadaren gainean, diseinu gotikoko beirate handi samar bat zegoen.

Fatxadaren eta dorrearen gaur egungo diseinuak neogotikoaren oinarrizko printzipioei jarraitzen die. Neogotikoak Erdi Aroaren amaierako estilo artistikoa berreskuratu nahi zuen, sentimendu erromantikoei lotuta.

Portada bi kontrahormek inguratzen dute. Apur bat turuta-forma du, eta landarez apainduta dago. Horretaz gain, harrizko bi irudi daude: San Paulorena, ezpatarekin; eta San Pedrorena, giltzekin. Arrosa-leiho bereizgarria goian dago, eta hostotzaz inguratuta dago, baita Santiagoren sinboloez ere; alegia, txirla eta Santiagoren gurutzea. Santiagoren ikur horien azpian, umbraculum eta tintinnabullum deiturikoak daude. Basiliketako berezko ezaugarriak dira.

“ Dorreari dagokionez, bi gorputzek osatzen dute: kanpandorrea eta orratza. Lehenengoa Oiz mendiko harriz eginda dago. Estilo neogotikoko baoak ditu kanpoalderantz, eta bao horietan saretak daude, erresonantzia-kaxen modura. Goialdean, pinakuluak ditu. ”

Dorreari dagokionez, bi gorputzek osatzen dute: kanpandorrea eta orratza. Lehenengoa Oiz mendiko harriz eginda dago. Estilo neogotikoko baoak ditu kanpoalderantz, eta bao horietan saretak daude, erresonantzia-kaxen modura. Goialdean, pinakuluak ditu.

Kanpandorre honetan guztira hamaika kanpai daude, hiru mailatan banatuta. Santiago katedraleko kanpandorrearen lehenengo mailan, iraulketa-kanpaiak daude; bigarrenean, errepikakoak; eta hirugarrenean, iraulketako batzuk eta errepikako beste batzuk. Dorrearen gorenean, orratz lirain bat dago; Angulematik ekarritako harriz apainduta dago, eta gainerakoa baino argiagoa da. Orratza ere berant Erdi Arokoa da; 64 metro luze da, eta nabarmen gailentzen da hirigune historikoko etxaldearen gainetik.

Hegoaldeko portada

Betidanik, padura- edo hareatza-eremuetan egon da eliza, eta horrek zimendu-arazo dezente eragin ditu. Hori dela eta, elizaren hegoaldeko eliz ataria egitea erabaki zen, ez bakarrik eremu estali bat izateko, baizik eta baita eraikinaren kontrahorma izateko ere

Elizaren eraikuntzak presio izugarria eragiten du, eta, horren erakusgarri gisa, zutabe lodiak okerrak daude; nahiz eta irmoak izan, zutabeek eman egin dute, lurra ezegonkorra delako.

Oinplano irregularreko eliz atari bikaina da, eta tenpluaren burualdetik oinetaraino luzatzen da. Pixkanaka egin zen, eta oso ikusgarria izan zen. Lehenengo diseinuak Rodrigo Albizek eta Juan Saezek egin zituzten; handik gutxira, Domingo Garitaren ardurapean, eraikuntza-lanak hasi ziren, eta XVI. mendearen amaieran bukatu. Hortaz, elementu guztiak estilo errenazentistakoak dira, ganga izan ezik, 1686an birmoldatu egin baitzuen Lucas Longak; ganga, beraz, estilo barrokokoa da.

Gune honetan, tenplurako sarbidea nabarmentzen da bereziki. Portada gotiko ederra da; ez du tinpanorik, eta turuta-formako arkibolta zorrotzak ditu. Dekorazio angrelatua du, eta, gainean, gizakien buru txikiak. Portada osoan interesgarriena kanpoko arkibolta da; hamalau profetaren irudi eseriak ditu zizelkatuta, droselen azpian, eta, goian, giltzarriaren ondoan, apezpiku baten eta errege baten bustoak. Portadaren inguruan txaranbela dago, mahatsondo-hostoz apaindua; txaranbelaren oinarrietan, emakume baten eta apaiz baten irudiak daude.

“ Portadaren gainean, Bilboko ezkutua dago, zur polikromatuzkoa, XVIII. mendean egina; bertan, San Anton zubia eta otso ibiltariak ikus daitezke. ”

Portadaren gainean, Bilboko ezkutua dago, zur polikromatuzkoa, XVIII. mendean egina; bertan, San Anton zubia eta otso ibiltariak ikus daitezke.