Klaustroa

Katedrala eta haren historia

 

 

Ohikoa da klaustro bat egotea katedral eta monasterio multzoetan, baina arraroa da parrokiari atxikita ikustea, parrokia izan baitzen Santiago aurreko mendearen erdialdera arte.

Sakristia eraiki zen urte berberetan eraiki zen klaustroa, XVI. mendearen hasieran, tenpluaren iparraldeko hilerri zaharraren tokian (klaustro hau eta Bermeoko San Frantzisko klaustroa Bizkaian zutik dirauten klaustro gotiko bakarrak dira). Hala ere, XX. mendearen hasieran, hondatu samarra zegoen. Ondorioz, 1924 eta 1931 bitartean, ia osorik berritu ziren arku multzoaren trazeria, gargolak eta gailurreria, Manuel Galindez arkitektoaren proiektuari jarraikiz.

Gune honetako perimetroa lau hegalek osatzen dute. Hegal bakoitza 24 metro luze eta 4 metro zabal da, eta 6 zatitan banatuta dago. Gangak gurutze-ganga sinpleak dira, Aingeruaren atea zeharkatuta Posta kalera ematen duen sarreratik hurbil dagoena izan ezik.

“ klaustro hau eta Bermeoko San Frantzisko klaustroa Bizkaian zutik dirauten klaustro gotiko bakarrak dira. ”

Gotiko berantiarreko eraikuntzetan gertatzen den bezala, klaustroa tenpluaren barrualdea baino apainduago dago. Hala, mentsulak, pinakuluak eta idulkiak giza, animalia- eta landare-irudiz beteta daude