Girola

Katedrala eta haren historia

 

 
 

Girolan, abside-kaperak ikus ditzakezu, XVI. mendean eraikiak. Lehenengo kapera San Joserena da. Arku zorrotz batetik sartzen da bertara. Arkuaren giltzarrian, ezkutu bat dago, zuhaitza eta hartz zutitua dituena. Kapera honek hegoaldeko eliz atarira ematen zuen, eta luzaroan ez zen erabili.

Berritu ondoren, hildako gotzainen gorpuzkiak gordetzeko erabili da. San Joseren irudi moderno bat da nagusi; alegia, heriotza onaren patroiarena. Besoetan Haurra darama, eta, eskuan, makila loredun bat.

“ Girolan, abside-kaperak ikus ditzakezu, XVI. mendean eraikiak. ”

*******

Hurrengo kapera Osaneko Andre Mariarena da. Leiho zorrotz bat du, koloretako beiratearekin eta diseinu geometrikoarekin. Sei nerbio ditu estalkiak, eta nerbio horiek Andre Maria eseriaren irudia duen giltzarri polikromatuan elkartzen dira.

Kapera honetan, erlikia-ontzi moduko erretaula bitxi bat dago. 1740 aldera egin zen, estilo errenazentistako eta klasizistako piezak berrerabilita, aurreko erretaula erre egin baitzen, 1641ean.

Gorputza hiru kaletan egituratuta dago; alboetan, lau erlikia-erregistro ditu, eta, erdian, bi maila eta atikoa. Erlikien artean, Lignum Crucis bat dago.

Erretaulan, Andre Mariaren irudi bat da nagusi, 1660 aldera egina. Ile luzea du, eta jantzi handiak eta zurrunak daramatza. Beso batean arropa batzuk ditu, eta beste aldean, berriz, Haurra. Bigarren horma-hobian, San Erramun Jaiogabearen tailu bat dago, mugimendu handiagokoa, XVIII. mendean egina. Atikoan, Ama Birjina Mesedetakoaren irudi bat dago, zur polikromatuzkoa, eta santuaren irudia baino lehenago egina.

Kapera honetan dago, baita ere, erlikien kutxa; kutxa horretan, hainbat santuren erlikiak daude.

*******

Hurrengo kapera Ama Birjina Arrosariokoari eskainita dago. Diseinu irregularra du, eta bost alde; estalkia bost nerbioko gurutze-gangakoa da, eta nerbio horiek San Migelen irudi landu bat duen giltzarrian elkartzen dira.

Erretaulak gorputza eta atikoa ditu, eta XVIII. mendearen hasierako lan barrokoa da. Koloma-erdiak ditu; koloma horiek fuste ildaskatua dute, eta lorez eta landarez apainduta daude. Ama Birjinaren irudia erdiko horma-hobi erdizirkularrean dago. Ama Birjina Arrosariokoa zutikako tailua da, XVIII. mendearen erdialdekoa. Ile luzea du, eta Haurra darama besoetan. Goian, atikoan, olio-pintura barroko bat dago, erretaularen garaikidea. Santo Domingo de Guzman irudikatzen du, Domingotarren Ordenaren sortzailea, eta beharbada hemen egin zen.

Kapera honetan, hilobi apal bat dago arkosolio baten barruan. XVIII. mendearen erdialdekoa da, eta Gortazar eta Arandia familiarena izan zen.

*******

Ondoren, sagrario exentu bikaina dago. Era honetako sagrarioei eukaristia-dorre esaten zaie, eta berant Erdi Aroan oso ohikoak izan ziren, besteak beste, Herbehereetan eta Alemanian.

Hareharrian zizelkatu zen, XV. mendean. Berez, Mendexako San Pedro elizan zegoen; handik, Bilboko Euskal Museora eraman zen, eta museoak katedralean jarri zuen.

Jatorrizko sagrarioa hainbat pieza pentagonal gainjarriz osatuta dago, eta, erdiko gorputzean eta goi-apaingarrian, landareak eta arkitektura gotikoak ditu. Goi-apaingarriak txikituz doan hostotza zulatua du, eta, gainean, txanoa daraman figura antropomorfo bat. Atea burdina forjatuzkoa da, oso mehea, eta, albo banatan, bi aingeru ditu; batak, hari-instrumentu bat du, eta besteak, berriz, gurutze bat. Beste aldeak trazeriaz apainduta daude, bat izan ezik, hondatuta baitago. Alde horrek erakusten du tenpluaren horma edo koloma bati atxikita zegoela sagrarioa. Sagrarioak bost kolomatxo gotiko zizelkatuz apaindutako oina du.

*******

Hurrengo kaperan, eskultura barroko eder bat da nagusi, Gaztelakoa, magalean Kristo daramana. Pietatea da, eta 1642koa da. Irudi adierazkor hau Andre Maria Errukizkoaren erretaularako egin zen. Erretaula hori Antonio de Alloytiz eskultore eta mihiztatzaileak egin zuen, 1642 aldera baita ere, baina galdu egin zen.

“ Hurrengo kaperan, eskultura barroko eder bat da nagusi, Gaztelakoa, magalean Kristo daramana. Pietatea da, eta 1642koa da. ”

*******

Ondoren, San Diego Alcalaren kapera dago; bertan, frantziskotarraren irudia da nagusi. Pieza barroko fin bat da, 1740 aldekoa, edertasunez polikromatutako zurez egina. Erretaula beharbada tailua baino zertxobait lehenagokoa da. Mahatsondoak ditu koloma salomonikoen gainean, eta hostotza oparoa du multzo osoan. Gorputza eta atikoa ditu. Atikoan, Santa Teresaren transberberazioa irudikatzen duen mihise bat dago, hura ere XVIII. mendearen hasierako urteetakoa, eta kaperaren antzinako izena gogorarazten digu. Mihiseak Berniniren eragina du, zalantzarik gabe, eta santuaren estasiaren goren maila irudikatzen du, aingeruak bidalitako suzko geziak bihotza zeharkatzen dionean

Kapera honetan, halaber, Gorpuztiko tenpletea ikus daiteke; tenpletean, kustodia dago, sakramentu txit santuarekin, prozesio-egunean

*******

Girolako azken kapera Santa Luziarena da. Diseinu irregularra du, eta hurrengoek baino altuera handiagoa.

1545 aldeko zur polikromatuzko eskultura bat da nagusi, ustez Juan de Beaugranten tailerrean egina. Mugimendu dezente du, eta buruko ederra, nahiz eta polikromia barrokoa den, XVIII. mendearen erdialdekoa. Inguruan, martiriek izan ohi dituzten elementuetako batzuk daude; alegia, palma-adarra eta erretilua, begiak eta guzti, kondaira baten arabera, Luziak berak bere buruari ateratakoak.

“ Inguruan, martiriek izan ohi dituzten elementuetako batzuk daude; alegia, palma-adarra eta erretilua, begiak eta guzti, kondaira baten arabera, Luziak berak bere buruari ateratakoak ”