San Anton eliza

Bilboko Santiago Katedrala

 

 

San Antonio Abadearen parrokia-eliza (hirian San Anton deitua) Bilboren historiako tradizio eta protagonismo handieneko lekuetako batean dago. Izan ere, berriki tenpluaren barrualdean egin diren indusketen arabera, litekeena da orube hau Diego Lopez de Harok 1300. urtean hiria sortu baino mende bat lehenago ere hartuta egotea.

San Anton elizaren kanpoaldean, portada nabarmendu behar da; iparraldean dago, tribuna bitxi baten azpian, Juan de Larizek 1559an egina. Balkoi pribilegiatu horretatik ikusten zituzten udalbatzako kideek Plaza Zaharrean egiten ziren ikuskizunak; izan ere, udalbatzaren egoitza tenpluaren aldamenean zegoen. Portada bikain hori Juan de Garita maisuak marraztu zuen, 1544an.

Portadarako bezalaxe, kanpandorrerako ere kokapen egokia nahi zen, zubirako pasabide zaharra eragotziko ez zuena (gaur egun, tenpluaren beste aldean dago). Tenpluaren kanpoaldeari gehitu zaizkion azken elementuak eliz ataria eta sakristia dira, baita bulegoak ere, ekialdeko horman zehar. 1902an egin zen, Enrique de Epalza arkitektoaren diseinuari jarraikiz. Estilo neogotikoa aukeratu zen, eraikinaren blokearekin harmonikoki integratuta gera zedin.

“ San Antonio Abadearen parrokia-eliza (hirian San Anton deitua) Bilboren historiako tradizio eta protagonismo handieneko lekuetako batean dago. ”

 

 

Barruan, oinplano konpaktu samarra du, ia lau angelukoa, eta hiru nabe ditu, bakoitza lau zatikoa. Ezaugarri bitxi gisa esan behar da ez duela absiderik eta burualde zuzena duela; aldiz, hegoaldeko nabearen buruhormak kantoi ebaki bat du, itsasadarreko urei pasatzen uzteko.

“ Barruan, oinplano konpaktu samarra du, ia lau angelukoa, eta hiru nabe ditu, bakoitza lau zatikoa. ”

Estilo gotikoaren bereizgarriagoa da haren altxaera; nabarmentzekoa da erdiko nabearen altuera, ia bikoiztu egiten baitu alboko nabeena. Altuera-desberdintasun horrek tentsioak sorrarazten ditu, eta tentsio horiek kontrahormetara iristen dira, arku arbotante bikoitz ikusgarrien bidez.

Altxaeraren elementu nabarienetako bat triforioa da. Santiago katedralekoaren ia berdina da. Nabearen perimetro osoa hartzen duen galeria estua da triforioa.

Tenpluaren oinean korua dago, XVI. mendearen azken laurdenekoa. Korua amaitu eta handik gutxira, beste erretaula bat egin zen presbiteriorako. Gaur egun, San Pedro eta San Paulo apostoluen tailuak soilik daude, baita bi erliebe ere, oinen ikuzketa eta azken afaria irudikatzen dituztenak. Esteban de Velasco eskultoreak egin zituen irudi horiek.

2003an, tenplua zaharberritu ondoren, erretaula birmoldatu zen, zenbait pieza aprobetxatuta, eta Iñaki Garcia Erguinek margotutako taula batzuk gehitu zitzaizkion. Taula horietan, Deikundea, Jesusen jaiotza eta bataioa, Emausen afaria, Igokundea, Mendekostea eta Ama Birjinaren Jasokundea ageri dira.

 

 

Kaperak

Barruan, nabarmentzekoa da sakramentu txit santuaren kapera, oso handia, bi kapera elkartzearen ondorioz. Erretaula rokoko bat da nagusi, XVIII. mendearen azken herenekoa. Bertan, Sortzez Garbiaren irudia dago atikoan, baita Santa Agedaren tailua ere.

Kapera honetako gune txikiagoa Pietateko Andre Mariaren kapera zaharra da, Martinez de Recalderena. Nahiz eta 1554an sortu zen, burdin sare ikusgarria estilo errenazentistakoa da, 1538koa. Bizkaiko burdin sare errenazentisten erakusgarri onenetako bat da. Hondoko harresian dagoen erretaula ere nabarmendu behar da. Pietateko Ama Birjina irudikatzen du, eta oso adierazkorra da, toles finekoa eta anatomia zaindukoa. 1540 aldekoa da, eta Juan de Beaugrantena zela esaten da.

Azken kaperak, hiruetan txikiena denak, Santa Luziaren, San Rokeren eta San Sebastianen irudiak ditu. Oso tailu meheak dira, eta mugimendu askokoak, eta beharbada Juan Pascual de Mena gorteko eskultoreak egin zituen, Bilbon egon zenean, 1754 eta 1756 bitartean.

“ Pietateko Ama Birjina irudikatzen du, eta oso adierazkorra da, toles finekoa eta anatomia zaindukoa. 1540 aldekoa da, eta Juan de Beaugrantena zela esaten da. ”