Sakristia

Katedrala eta haren historia

 

 

XV. mendearen amaieran edo XVI. mendearen hasieran eraiki zen sakristia. XIX. mendean birmoldatu egin zen. Hiru zati ditu, eta bakoitzean leiho bat, zorrotz samarrak eta turuta-formakoak. Gurutze-gangek tertzeleteak dituzte, eta plementuak oso modu ikusgarrian margotuta daude, baita giltzarriak ere

Sakristian gordetzen dira liturgia-arropa, elizatorrak, kasullak, estolak, gerrikoak, etab. Beira-arasan ikus daitekeen bezala, arropa ez ezik, beste gauza batzuk ere badaude, besteak beste, intsentsu-ontziak, purifikatzeko eta usaina emateko; nabeta, intsentsua gordetzeko; antoxina eta isipua, liturgia-ihinztadurak egiteko; erretilutxoak; ur-ardo ontziak, ura eta ardoa gordetzeko; kalizak; eta ziborioak. Kaliza ontzi santua da, eta, bertan, ardoa eta ura Kristoren benetako odol bihurtzen dira. Aldiz, ziborioa, estalkiduna, Kristoren gorputz bihurtutako forma sakratuak gordetzeko erabiltzen da.

Bai armairu batzuetan, bai tiradera-altzariaren gainean instalatutako beira-arasetan, urrezko piezak eta apaingarriak (jantziak) daude. Elementu horiek guztiak tenpluko bizitzaren eta jardueraren erakusgarri dira. Obrarik aspaldikoenak krisma-ontziak dira, 1530 aldekoak, baina ugariagoak dira barrokoko piezak, esate baterako, Lignum Crucis gurutzearen erlikia-ontzia; kustodia bikaina, Gorpuztiko prozesioa egiteko erabiltzen dena; edo kalizen bilduma nabarmena.

Hormei atxikitako idulkietan, Elizako aita santuak ikus daitezke:San Agustin, San Anbrosio, San Jeronimo eta San Gregorio Handia. Zur landu eta polikromatuzkoak dira, eta Beaugrant familiak tenpluko presbiterioan jartzeko egin zuen erretaula errenazentistan zeuden.

Nabarmentzekoak dira, batetik, Kristo gurutziltzatua, XVI. mendearen hasieran zizelkatua; bestetik, olio-pintura barroko bat, XVIII. mendekoa, Sortzez Garbiaren irudia duena; eta, azkenik, beste pintura barroko bat, Ama Birjinaren Jasokundearen irudia duena.