Kaperak

Katedrala eta haren historia

 

· Bataioaren kapera

Bataioaren kaperak bataiarri barroko bat du erdian, 1746 aldera Ereñoko kareharri gorriz egina. Kapera zabalenetako bat da hau. Arku erdizirkular batetik sartzen da bertara. Estaldura bi nerbio gurutzatu eta polikromatuk osatzen dute, eta eliz atarira ematen duen leiho erdizirkular batetik sartzen da argia.

“ Bataioaren kaperak bataiarri barroko bat du erdian, 1746 aldera Ereñoko kareharri gorriz egina. ”

Bereziki interesgarria da eliz atarira ematen duen hegoaldeko atea. XVII. mendearen erdialdekotzat jotzen da. Hala ere, kontserbazio-egoera txarrean zegoenez, berriz egin behar izan da, antzinako atearen zati batzuk eta iltzeak erabiliz. Burdin langaren tinpanoan, Ama Birjina Sortzez Garbiaren tailu polikromatu eder bat dago, Francisco de Arizmendi gipuzkoarrak 1783 aldera egina.

Kapera honetan dago, baita ere, apezpiku-aulkia, zurezkoa, XIX. mendearen amaierakoa eta estilo neogotikokoa.

*******

· Karmengo Ama Birjinaren kapera

Garai batean, Ama Birjinaren eskultura barroko bat izan zen bertan, baina, gaur egun, ez dago. Kaperak oinplano erregularra du; estalkia gurutze-gangakoa da, eta elizarantz zabaltzen da, arku zorrotz gisa.

“ Kapera honetan, gotiko berantiarreko hilobi bat dago hormari atxikita, beharbada Bertendona familiarena. ”

Kapera honetan, gotiko berantiarreko hilobi bat dago hormari atxikita, beharbada Bertendona familiarena. Gangaren nerbioetan oraindik lau ezkutu daude, garai bateko jabeen ezaugarri izango ziren marka komertzialekin. Hilobiaren goiko aldean, idulki bat dago, landarez apaindua, eta, haren gainean, Ama Birjinaren harrizko irudi hondatu bat, beharbada XV. mendearen amaierakoa.

*******

· Montserraten kapera

Kapera hau handienetako bat da, eta Montserrateko Ama Birjinari eskainita dago. Arku zorrotza du sarreran, eta gurutze-ganga sinplez estalita dago. Gainera, leiho erdizirkular bat du, duela gutxi egindako beirateekin.

“ Erretaula barrokoa da, 1700 aldekoa, landarez eta mahatsondoz betetako koloma salomoniko berezi horiekin. ”

Erretaula barrokoa da, 1700 aldekoa, landarez eta mahatsondoz betetako koloma salomoniko berezi horiekin. Gorputz eta kale bakarra eta atikoa ditu. Pieza nagusia Begoñako Andre Mariaren benetako eskulturaren erreprodukzioa da. Eskultura hura kapera honetan egon zen, liskar karlistek iraun zuten bitartean. Aurrean duguna 1960koa da, eta De Teresa artistak egin zuen. Erretaularen atikoan, Santa Maria Magdalenaren eskultura interesgarri bat dago, lurrin-potoarekin. Gotiko berantiarreko pieza da, beharbada XVI. mendearen hasierako urteetakoa. Ile luzea du, eta tunika zabala, toles gogor eta zartatuekin.

Erretaularen aurrean, Begoñako Andre Mariaren mihise barroko bat dago.

Toki berean, hilobi bat dago arkosolio baten barruan, Arana-Basurto familiarena.

*******

· San Antonen kapera

Hirian debozio handia diote San Anton Abadeari edo San Antoni. Kaperara sartzeko, arku zorrotza dago, landare zulatuz apaindutako mentsulen gainean jarrita. Kaperak ez du kanpora ematen duen baorik, eta ohiko ganga gotikoak estaltzen du.

“ Liburu bat irakurtzen ari da, eta ezkerreko eskuarekin eusten dio. Oinetan, txerrikumea eta «San Antonen suaren» garrak ditu, gaixotasun kutsakorrak sendatzen dituen santu gisa duen ospearen adierazgarri. ”

Santuaren irudia XV. mendearen amaierako tailu polikromatua da. Toles handiko arropa darama santuak, eta bikain landu da. Liburu bat irakurtzen ari da, eta ezkerreko eskuarekin eusten dio. Oinetan, txerrikumea eta «San Antonen suaren» garrak ditu, gaixotasun kutsakorrak sendatzen dituen santu gisa duen ospearen adierazgarri.

Hemen, gotiko berantiarreko hilobi bat ere badago, hondoan. Arkosolio baten barruan dago, eta Bilboko Arbieto merkatari-familiarena izan zen. Senar-emazteak daude, etzanda, harri ilunean zizelkatuta, eta txakur bana dute oinetan, leialtasunaren sinbolo gisa.

*******

· Capilla Virgen del Pilar

Pilareko Ama Birjinaren kaperak turuta-arku erdizirkularra du, eta oinplano laukizuzena, gurutze-ganga sinplez estalia.

Leiho erdizirkular apal bat ere badu; klaustrora ematen du, baina erretaula barroko txiki batek estaltzen du.

Gaur egungo izena 1725etik du; urte hartan, Felipe de Andirengoechea zaldunak Pilareko Ama Birjinaren Anaitasuna sortu zuen. Orduan gehitu zitzaizkion irudi titularrari, alegia, Ama Birjina Mirarietakoari, zutabe metaliko bat eta Santiago apostoluaren irudia, oinaldean, eta, horrela, Pilareko Andre Maria Mirarietakoa bihurtu zen. Hark egiten zituen mesedeengatik eman zitzaion izen hori kaperari. Horrela, XVI. mendetik ia XX. mendera arte, Udalak hiruzpalau errogatiba egiten zituen urtero, eta herri guztia erakartzen zuten.

“ Irudia tailu fin bat da, XVI. mendearen erdialdekoa, eta Beaugrant familiaren tailer franko-flandriarrean egindakoa dela uste da. Hura hartzen duen erretaula altzari barroko bat da, 1760 aldekoa. Bankoa du; gainean, kale bakarreko gorputza, koloma korintoarrekin; eta, goian, atikoa. ”

Irudia tailu fin bat da, XVI. mendearen erdialdekoa, eta Beaugrant familiaren tailer franko-flandriarrean egindakoa dela uste da. Hura hartzen duen erretaula altzari barroko bat da, 1760 aldekoa. Bankoa du; gainean, kale bakarreko gorputza, koloma korintoarrekin; eta, goian, atikoa. Multzoa orbelaz apainduta dago, eta, atikoan, Santiagoren gurutzea, txirla artean.